Patziku Perurena
Patziku Perurenak (Goizueta, 1959) irakasle ikasketak egin zituen, baina idazteari emana dago. Poesia ez ezik nobela ere egin du, ikerketa filologikoa (Euskarak sorgindutako numeroak eta
Koloreak euskal usarioan), saiakera (Marasmus femeninus eta Harripilatan ezkutatu zeneko apo tipiaren burutazioak) eta lan etnografiko erraldoi bat Leitzako historia xehea oinarri hartuta. Bere azkenengo lana Goizuetan bada gizon bat, Trabukoren kanta ezagunari eskeinia dago.
Patziku Perurenak Artelekun ospatuko diren HIRUGARREN BELARRIA izeneko entzumenari eskainitako jardunaldietan hartuko du parte Oier Etxeberriarekin solasaldi publiko batean:
”Ixo, lurra aditzen ikasi artio!” Patziku Perurenarekin solasean
Elkarrizketa honen abiapuntua gauzei deitu eta aditzean dago. Hitzaren mugak aitortuz, horrenbeste azaleko semantika ahazten lagundu dezaken ariketa moduan planteatzen da. Bide horretan onomatopeiak, ahozkotasuna, arrazoia, isiltasuna, idazkera eta bertako hainbat idazlek gai hauen inguruan egindako ekarpenak hartuko ditu kontutan, Nikolas Ormaetxea “Orixe”, Eduardo Gil Bera edo Pedro Salinasenak, besteak beste.






