ERTZ #12
Ostirala, 9 Iraila, 2011 - Larunbata, 17 Iraila, 2011

ERTZ #12

Hitzaurrea: 

Beharbada topikoegia izango da erratea, seguruaski jaialdi antolatzaile orok errepikatu izan baitu erretorika bera noiz edo noiz, baina guk ere, gure ERTZ egiterakoan, momenturen batean baina hutsik egin gabe, erraten dugu hau izango dela azkena. Ez dela bertze ediziorik izango. Akabo. Amaitu dela.
Dena erran behar bada, normalean halako aipamenak jaialdia iritsi aurretik egin ohi izaten ditugu antolatzaileok, gure burua engainatu nahiean beharbada, baitakigu jaialdia hasten den momentuan, musika airean harat honatean dantzan jartzen denean, belarrizuloetako iletxoak bixitzen direnean halako edozein ideia automatikoki baztertzen dugula. Ametsetan hasten garenean ez baitago bueltarik.

12 urte eman ditugu guk horrela. Zalantzaren, satisfakzioaren eta pasioaren artean erdi mozkor. Gure kontraerranak elikatuz, gure zauri eta ahultasunetan arakatuz, gure gorrirei zarata eta zarata goseari isiltasunak oparituz. Gustura. Eta denborak (batzuetan, ez beti) ematen duen baimenarekin konturatu gara, hori dela azken finean urtero, uda iritsi bezala ERTZ hitza osatzen duten lau hizki horiek kopetan markatzen dizkigun arrazoi nagusia.
Ze, zinikoa emateko arriskuarekin, onartuko dugu aspaldian hasi ginela musikaz sospetxatzen eta arteari susmoak hartzen… baina aldiberean badakigu sekula ez garela aspertuko beraien pasioak gurekin partekatzen dituzten horiei ateak zabaltzen. Jende aunitzek egiten duen bezala, eta jende orok egin beharko lukeen moduan.

Azken finean, arrastaka daramakigun etiketa ditxosozko hori, esperimentalarena, onartzen bazaigu eta badugu ere, gu, egitan, ez gara esperimentalak.

Errate baterako, aurten operetta bezalako formatu klasikoko emanaldi bat antolatu dugu, herriko abesbatza, musika banda eta bertzelakoekin; bertze kontzertu areto aunitzek bezala, ohiko antzoki batean joan den mendeko musiken kontzertuak programatu ditugu; egunero Berako bizilagun aunitzek egiten duten bezala, herrian zehar ibilaldiak proposatu ditugu; fontaneria biltegi batean performance bat egin araziko dugu, iturginak egunero egiten duen bezala; poesia ere entzungo dugu; eta entzumenari buruz solastuko gara, egunero medikuaren kontsultan hainbertzek egiten duten bezala.

Ez gara esperimentalak, ez. Baina eguneroko gauza horiek denak pasioz bizi nahi ditugu, bapatekotasunez, ustekabean. Alegia, ezjakin izan nahi dugu, etengabe ikasteko. Inoiz ez aspertzeko. Beharbada orduan benetan esperimentatzen hasiko garela sinetsita.

Ongi etorri hamabigarrenez zarata eginez soinu batzuk ahanzteko aukera ematen duen jaialdi hontara. Ongi etorri bertze musiken ERTZera.  

 

 

Archivos: 

Espazio-ontzia opereta zientifikoak unibertsoaren azken mugetaraino doan astrountzi baten alferrikako bidaia ilustratzen du. Musikariak dira bertako bidaiariak. Opereta hontan parte hartuko duten musika talde ugarien artean dago sortuberria den One Lesson Simphony Orchestra, baina baita Berako Abesbatza eta Banda, txistulariak, bertsolariak, inprobisatzaileak…

Jarraitu irakurtzen

Frantzia, 1967. Musika konkretu konposatzaile frantzes honek akusmatikarekiko zaletasun berezia du, baina inprobisazio libreari uko egin gabe.

Jarraitu irakurtzen

Izenak berak dioen bezala 0 (for percussion) perkusioari emandako ensemble edo musika talde bat da (2tik 6ra izan daitezke partaideak) musika garaikideko konposizioen sorkuntza eta interpretazioa xede duena. Talde honen errepertorioa XX. mendeko konposizioak (Cage, Reich...), musika esperimentaleko piezak, elektronika, fonografia, inprobisazioa...

Jarraitu irakurtzen

2009 urtean hasi zen ADIBERA, Ertz jaialdiaren barru. Bera herriko zentzumenentzako mapa. Sentikarta. Mapa efimeroa. Irekia eta osatugabea (zurearen zai eta zure modukoa). Paisaian diren hala paratzen ahal diren soinuak. Ikustekoak. Usain, taktu eta dastamenak. Ideiak. Paisaio. Kartanbera. Vera mente.

Jarraitu irakurtzen

Marcello Liberato

Marcello Liberato musika eginez jaio zen eta musika eginez bizi da. Bere lanek soinuaren izaera anitzak eta entzumenaren esperientziaren misterioak miatzen dituzte, zentzuak asetzen dituzten egoerak eraginez. Horretarako, nagusiki gure ingurunetik berreskuratu eta birziklatutako gaiak eta materialak erabiltzen ditu, egunerokotasuna arte eta esperientzia artistikoa eguneroko bizipen bilakatuz.

Jarraitu irakurtzen

Dantza mundutik datorren artista. Larraitz Torresekin elkarlanean ari da Colombina's proiektuan eta Miatzaileak taldeko partaide da, Mugatxoan proiektuaren barnean. ERTZeko edizio honetan Ahora, funciona en tu sangre lana aurkeztuko du.

Jarraitu irakurtzen

Kontzertua eta te dastaketa. Zenbait te-ontzi erabiliz eta camping-gas botilak manipulatuz, Zirku Patafisikoak zentzumenendako esperimentua aurkezten du, sua, ura eta haizea bezalako elementu naturalek sortutako soinuez osatua.

Jarraitu irakurtzen

Fred Jouanlong

Karawane, 1916an Hugo Ball poetak idatzi eta dagoeneko klasiko bihurtu den poema dadá-k bizirik jarraitzen du. Eta oraingoan oso-osorik fonetikoa den poema honi bizia ematen dion pertsonak Frédéric Jouanlong du izena.

Jarraitu irakurtzen

Orquesta del Caos taldeko eta Música 13 jaialdiko zuzendaria da, baita Nau Côclea plataformaren sortzaile, Académie Internationale de Musique Eléctroacoustique elkarteko kide eta UNESCOko Musika Internazionaleko Kontseiluko International Conference of Electroacoustic Music instituzioaren ohorezko presidente.

Jarraitu irakurtzen

Kolonbiako soinu-artista eta konposatzailea, soinu ingeniaria eta dokumentari sortzailea. Soinu-arte eta soinu irakaslea Bartzelonako zenbait instituzioetako multimedia sistementzat. José Manuel Berenguerrekin batera Orquestra del Caos proiektuko zuzendari eta koordinatzailea da, musika elektronikoaren eta soinu-artearen sormena, ikerketa eta zabalkundeari zor zaion elkartea.

Jarraitu irakurtzen

Carmen Pardo Salgado Gironako Unibertsitarean irakasle da. Parisko IRCAM-CNRS unitateko doktoretza ondorengo ikerlaria (1996-1998) izan da. John Cage, Escritos al oído (1999) liburuaren itzultzaile eta editore lanak bete zituen eta...

Jarraitu irakurtzen

Ramon Andrés idazlea da eta besteak beste honako liburuen egile: Diccionario de instrumentos musicales. Desde la Antiguedad a J.S. Bach (1995/2001/2009), Johann Sebastian Bach. Los días, las ideas y los libros (2005), El mundo en el oído. El nacimiento de la música en la cultura (2008), El oyente infinito...

Jarraitu irakurtzen
 

Marta Garcia Quiñones musikaren entzumenari buruzko doktoretza tesia prestatzen ari da Bartzelonako unibertsitatean. 2003an, Zeppelin jaialdiaren barne, “La música que no se escucha. Aproximaciones a la escucha ambiental” jardunaldiak antolatu zituen. Musikologiari buruzko hainbat nazioarteko eta nazio mailako kongresutan parte hartu du eta hainbat aldizkari akademikoetan ere argitaratu ditu bere idatziak.

Jarraitu irakurtzen

argazkia: Dani Blanco

Egunero gozatzen du zer kontatua daukan jendeak erantzungo dizkion galderak pentsatzen eta idazten. Irratilaria da ofizioz; idazle, afizioz. Ametsak bete dituela esango luke, egunero amets egitea ofizioak eta afizioak pasioz bizitzeko ezinbesteko dela jakingo ez balu.

Jarraitu irakurtzen

Patziku Perurenak (Goizueta, 1959) irakasle ikasketak egin zituen, baina idazteari emana dago. Poesia ez ezik nobela ere egin du, ikerketa filologikoa, saiakera...

Jarraitu irakurtzen

Bartzelona, 1974. Jatorriz gitarrajolea izanik ere, 1998an tresna hontatik urruntzea erabaki nuen, tresna berarekiko eta honekin egindako musikarekiko erreflexio eta birplanteamentu prozesu bat martxan jartzeko.
 

Jarraitu irakurtzen

Myriam Ayçaguer xiberuko dokumentalista da, ARTegia elkarteko kide eta SOINUMAPA egitasmoaren lan taldeko partaide. ERTZeko edizio honetan, Hazparnen irrati-sorkuntzari buruzko tailerra eman du eta "Ni Nüzu" soinuzko dokumentaria aurkeztuko du, lehen aldiz jendaurrean.

Jarraitu Irakurtzen

Elektronika, sikodelia eta erlijiotasunaren artean kokatzen duen egitasmo berezia da Doncamatic, eta luzapenez Rüdiger baterijolearekin (Monarch, Joseba Irazoki, Willis Drummond...) duen elkarlan proiektua.

Jarraitu irakurtzen

Ertz jaialdiak GORRERIAK soinu artxiboa aurkezten du, 2008an SONOSCOP egitasmoak bildu eta diseinatutakoa.
Zaratak entzutea eta haiekin lan egitea gustuko dugu, baina badakigu ere zarata hauek askotan gorreria mental moduko bat sortzen dutela. Gorputz osoarekin entzun nahi dugu, eta horregatik, artxibo honek informazioa deitzen dugun ideia horren azpian gordetzen diren isildu-ezinen, irudien eta soinuen gehiegikerien inguruan hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu

Jarraitu irakurtzen